Goi Atlasa

Nire osasunak nabari du ez naizela goi-mendietarako jaio, baina pentsa baino errazago gurutzatu dut (ia) hainbeste astetan irudikatutako mendiko ibilbidea.

Portu gogor pare baten ondoren, 60 kilometrotako ibilbide ia laua eta oso ederra. Zorte handia izan nuen, ondorengo egunetan sartu den haizearekin sufrikario latza izango baitzen.
Porturik latzena igo eta gero.

Zein pertsonala den, hala ere, edertasunaren pertzepzioa. Toki askotara iristen naizenean, ez dut inondik ere aurkitzen iragartzen zidaten paradisua. Esfortzuz bidaiatzeak filtroak gehitzen dizkie betaurrekoei.

Tislit lakua, txostenaren arabera akanpatzeko toki bikaina, baina batzuetan sentipenak ez daude ados. Horrelakoetan orduak eta nekeak erabakitzen dute, eta nik Imilchilerantza jo nuen.

Imilchiletik aurrera, berriz, aho bete hortz. Mendi arrez inguratutako bailara berde pila elkarren segidan, adobezko herrixkak…

Gelditu eta argazki bat atera baino lehen bi aukera baztertu behar ditut: “Ez du merezi, ez da hain polita” eta “Ez du merezi, politegia da”. Oraingoan, erdibidean zegoen. Agoudal.

Bidea ondo portatzen denean, ordea, inoiz beste inork jartzen dizkizu aldapak. Hotel baten esperientzia txarra izan nuen, atseden hartu beharrean bertako jabeari mesede bat egiten pasa bainuen arratsalde osoa eta berak eskertxarrez jokatu. Edonon gertatuko zitzaidan, beraz ez dit bidaia ilunduko.

Katarroak ez zidan utzi halako toki erromantikoaz gozatzen.

Bailara garaienak bukatutakoan, portu erraz bat, aspaldiko lehenbiziko turistak, aldapa behera galanta eta…

Kaixo! Nongoa? Ta ibilbidea? Ze ondo, ta gustora? Zera… argazki bat aterako? Girien arteko kortejoak ere helburu bakarra dauka batzuetan.

… haizea.

Basamortutik bueltaka hasi baino lehen katarroa ondo sendatzea erabaki nuen, beraz aterpe baten daramatzat egun batzuk, jan, lo eta alboka doinu bereberretara doitzen. Bikaina Ossesen sistema, ea bideoren bat grabatzen dugun.

Muxu handi bana!

Ekonomia, denbora eta familia

Pilatutako nekea arintzeko egun batzutako atsedena hartzen ari naiz Goi Atlaseko herrixka baten. Egoera baliatuz, inolako oinarri zientifikorik gabeko disertazio bat eskainiko dut, atzeratutako argazki batzuk argitaratzeko aitzakia gisa.

Paisaiak miresteaz gain, bizikletan ordu asko dauzkazu tontakerietean pentsatzeko. Atzean, Azrou.

Dirua kontzeptu ia unibertsala da, baina era desberdinetan ulertu daiteke.

(Erdi-Atlaseko tximinoek ez daukate diruaren berri, baina sardina lata bat ireki eta berehala etorriko zaizkizu negozio bila.)

Marokon diruaren grina beste edonon bezalakoa da, baina oso zaila dirudi aberastea. Baliabide kontua izango al da edo akaso know-howa falta zaie?

“Europar” ikuspegitik 40 edo 50 urteko atzerapena omen dauka Marokoko ekonomiak. Argazkian, Ain Leuh.

Nire esperientzia urritik beste bi faktore nabaritu ditut.

Batetik, denborari ematen zaion balioa. Demagun X herrialdean denbora “soberan” dagoela. Askok egonean pasatzen dituzte orduak eta iraupenerako zereginez gain ez dago etorkizunerako plan handirik. Ondorioz, saltoki bat edo beste edozein negozio irekitzen bada, funtsean, “zerbait egiteagatik” da, eta alperrik dira “hobekuntza”-rako gure filosofia mendebaldarrak.

Salgai bera eskaintzen duten negozioak elkarren ondoan. Ait Zidekhzinen (argazkian), bospasei, baina hiri handietako medina zaharretan, ehundaka. Bezerorik ezean, ilunabarrari begiratzea denborapasa ederra da.

Baina adi, aurrekoa ikuspegi “okerra” dela iruditzen bazaizu. Badaezpada, emaiogun buelta. Y herrialdean guztiari balio ekonomiko bat ematen zaio -kurioski, baliorik txikiena iraupenerako lanei-, baita denborari ere. Gehienek jo ta su lanean ematen dute denbora eta etorkizunerako planekin betetzen dute burua. Ongizatea ere dirutan neurtzen da eta horretarako denbora bera erosgai garesti bihurtzen da. Zein da orain ikuspegi “zuzena”?

Aghbala herri bereberra. Kafeak, hoteltxoak eta dendatxoak. Hemen ere gendarmeen aparteko interesa nire ibilbidearekiko, honez gero ziur nago zentralean nire agerpenak mapa baten markatuta dauzkatela.

Beste faktorea, familia. Hemen genetikak merkatari peto bat mundura ekartzen duenean, hurbilekoekiko konpromezuek muga jartzen diote diru pilaketari.

Nik ere euskaldun bezala kasbah baten guayarena egiteko konpromezua neukan, ezta, Fermin? Alboka-kasbah-bereber-clash! ;-p

Ondorioz, nik behintzat ez dut aberats askorik ikusten, eta europar itxuradun negozioren baten inguruan galdetu dudanean, europar inbertsoreak aipatu dizkidate. Horren zilegitasuna eta ondorioak beste baterako utziko ditut. Ez horregatik.