Lagun berriak egin eta aurrera

Behartutako atsedenak izan du ordaina eta berrekin diot bideari. Egun zoragarria, haizea gora behera. Paisaia zabalak, lainoak, mahasti mugagabeak, haizea behatzetan (txankletekin pedaleatzea oso gustagarria da)…

Eta bi egunetan akanpatzeko tokiak bermatuta. Hemengo lursail guztiak hesiz josita daudela kontutan hartuta ezin da gehiago eskatu. Izan ere, gaur errepide ertzean entsaiatu behar izan dut, ikuspegi ederrarekin gutxienez.

Beste hesi batzuk itsusiak baina praktikoak dira. Irudian, zakarbiltze eolikorako prototipo bat. Tamalez ez da inor plastikoak jasotzera etorri.
Honetatik pasa zaitezke, txandaka bada ere. Estremoz.

Bidalketa hau baliatuko dut azkenengo lagun berriei konpainia eskertzeko. Batzuk urrunekoak eta besteak uste baino hurbilagokoak.

Marco, Lisboarako bidean. Bi egunetan egin genuen topo. Aupa zu!
Elios, Kubatar gazte azkarra. Biontzat asteak ziren gazteleraz egin gabe.
Valentziar familia jatorra eta alaia, hiru egunez auzokide. Barkatuko al didate gazteen aurpegiak ez agertzeagatik, haien eskubideekin zorrotza izateagatik da.
Auzokide izan dudan beste familia, santutxuarra. Ze txikia den Bilbo! Kitarrajolea ta guzti daukatenez, bueltan saiotxoren bat egin behar dugu. Ondo pasa!

Entsegurako toki bila

Gaur Bilbotar batzuekin bazkaldu dut. Hilabete luze honetan alboka bat zer den dakiten lehenbiziko lagun berriak. Ala ez…?

Portugaleko herrixka honetatik behintzat pasatu izan da beste albokariren bat.

Albokaren tinbre “sarkorrak” mugatu egiten du lasai praktikatzeko tokien kopurua. Hala ere, paraje bakartiak ditudanez gustokoen, ia egunero topatzen dut txokoren bat.

Eguerdi partea, beroena, baliatu ohi dut apartatutako toki baten eseri eta partiturak ateratzeko.

Portugal barnealdean, abuztuan, itzal handiko musikariek bakarrik bizirauten dute.

Galiza-Portugaleko kostaldean bakarrik egon nintzen egun batzutan jo gabe.

Kontuz! Lehenengo 12 itsas-milietan debekatuta dago hondakinak botatzea eta alboka jotzea.

Badirudi banoala apur bat hobetzen. Ea Marokon jendearekin apur bat jolasteko lain ikasten dudan oraindik. Orain arte behintzat inork ez du kexatzen etortzeko adorerik izan.

Portugalen badaude alboka-friendly herriak ere bai.