Etapa paraleloak

Esan bezala, Feseko Brahim gaztea eta ni primeran konpondu gara, bera autostopez eta ni bizikletaz, toki ezezagunetara parean iristeko. Oso eskertuta nauka, berarekin mugitzea askoz errazagoa izan baitzait bost egunez.

Gainera, berak ikusi nahi zituen toki batzuk ezagutu ahal izan ditut.

Azrouko mendialdean ezkutatutako monastegi kristau-eklektikoa. Inguruko jendea ari da konpontzen eta lan polita egiten ari dira.

Marokoarren abegikortasuna ezagutzen duzula uste duzunean ere, harritu egiten zaituzte. Ibilalditxo batetik oinez itzultzen ari ginela, autostop egin eta aita-semeak bide-bazterrean geratu. Kanpinera bueltan eraman aurretik, beste bi tokitan bisita turistikoa eskaini eta bazkaltzera gonbidatu gintuzten.

Mohammed eta Ilyase aita-semeak, jatorrak, eskuzabalak eta gida bikainak.
Bensmim. Frantsesek tuberkulosiarentzako eraikitako sendategi erraldoia. Istorio interesgarria, baina ni ez naiz gida ona, beraz ez izan alferra eta bilatu interneten.

Lotarako ere oso ondo etorri zitzaidan Brahimen laguntza.

Berak edonon akanpa bazezakeen ere, atzerritar gaitajolearekin giri-friendly tokietan akanpatzea erabaki zuen, bejondeiola! Auberge Lac Ouiouane, eskerrik asko bertako jabeari ere.
Aguelmim Azigza laku turistikoko jatetxe eta dendak. Bertako “legearen arduradunak” ere lasaiago egon ziren nik bertako batekin akanpatuta.

Esperientzia bikaina, beraz, zurekin bizitakoa, Brahim. Zorte on ikasketekin eta kontaktuan jarraituko dugu, noski 😉

Ondo nabil

Gaurkoan hori esan ta gutxi gehiago. Azrouko atsedenaldia ta gero egun politak pasa ditugu Brahimek (kanpinean ezagutu nuen Feseko autostopista gazteak) eta biok Erdi Atlasean. Ouiouane lakua, Oum R’Rbia iturburua eta gau pare bat Aguelmam Azigza lakuan. Bart Khenifrara iritsi eta gaur esango diogu agur elkarri, bera Meknes aldera eta ni Goi Atlasera.

Brahim, bere “barrad”ean tea prestatzen. Bera autostopez ta ni bizikletaz ederki sinkronizatu gara.
Aguelmam Azigza lakua. Duela 17 urte abentura gogoangarria bizi izan genuen bertan sei lankidek.

Egunotako argazki ta kontakizun gehiago gordetzen ditut astia daukadanerako. Orain bapo gosaldu eta ea lehenengo aldapetan uzten dudan katarro alen hau. Besarkada handi bana danoi ta laster arte!