Ala Eolo!

Goizean kanpin-denda heze bilduta neukan eta Tan-Tanera iritsi aurretik lehortu nahi nuen. Tartea aprobetxatu nuen alboka jo eta hurrengo euskal single internazionalistarako portada-argazkia ateratzeko. Saharalboka Pedal Tan-Tan Xax!

Bideoa ikusita, igerriko diozu nola gradu gutxi batzuen aldeak sekulako eragina izan dezakeen osasunean (haizeaz ari naiz, baina Voldammarekin ere gertatzen zait).

Trabeska izan ala apur bat alde, infernua ala zerua da. Inguru honetan ehun kilometro inguruko tarteak daude ostatudun herrixken artean eta ia beti izaten da erosoagoa xox batzuren truke ohe baten lo egitea, horregatik da hain garrantzitsua Eolo lagun izatea.

Ostaturik ez dagoenean ere, gustora. Chbikako gendarmeek ez nindutenez lotara gonbidatu, inguruko etxola batetik hurbil akanpatu nuen, hiru haurtxo maitagarriren jolasartean. Errepidetik asko urrundu ezean zaila da bakar-bakarrik egotea, beraz nahiago bertako norbaitengandik hurbil.

Bestela, etxeek eragin dizkidate buruhausteak egunotan.

Adreiluzko etxeek eta oihalezkoek. Sidi Ifniko katuek ederki pasa zuten kanpin-dendarekin jolasean. Ez dakit zomorroak sartuko diren, baina seguru askoz freskoago egingo dudala lo.

Arazoak konponbidean, gozagarria da itsasertzetik lau-lauan pedaleatzea.

Ikusten ez duzunean ere, entzun, usaindu egiten duzu.

Khenifiss Parke Nazionalaren iparraldeko kostaldea itsaslabar etengabea da. Hegoalderantza, berriz, hondartza zabala.

Itsasoaren maila benetan igotzen bada, ibilbide hau arraunean egin beharko da.

Baina ez dirudi aldaketa klimatikoaren ardura handirik dagoenik hemen ere. Guelmimetik Tarfayarako errepide ondoan makina pisutsu ugari dabil, errail berri bi egiten, antza. Kilometro batzuetan zehar erabili izan ditut, kamioiak saihesteko.

Bidegorria balitz! Zikloturistok bereziki nabaritzen dugu errepide bateko trafikoa, baina nik neuk ez dut ikusten hemengo errailak bikoizteko motiborik, politikoak ez badira.

Abantaila handi bat ere izan du itsasora inguratzeak, hainbeste oilasko eta arraultzaren ondoren.

Arrain freskoa!!! Tira, arrantzatu berria izango da, baina hotz-hotz ez dakit ote doan…

Eta hemendik aurrera jadanik gps-aren beharrik ez, distantziak neurtzeko ez bada. Norabidez nahastuz gero, gehien jota Bilbon agertuko naiz berriz.

Bateriak ez gastatzeko, gailu berri hau estreinatu dut, baina ez dakit oso ondo dabilen, ezkerrerantza markatzen didalako beti. Konturatu naizenerako goiz osoa eman dut ondarretan biraka.

Bihar arte Tarfayan atseden hartzea erabaki nuen, bero boladatxo bat pasa arte. Iragarpena zuzena bada, ordutik aurrera haizeak hegan eramango nau Dakhlaraino.

Arrantza-portua, behelainoa eta Antoine Saint-Exuperyren museotxoa, badu zerbait herritxo honek. Beti dabiltza haurren batzuk barrezka eta oihuka.

Zerbaitekin bukatzearren, egia da bizikletaren abiadura oso aproposa dela bidaiatzeko eta tokiak hobeto ezagutzeko, baina aukeratzeko tarte handia dago hala ere. Nik neuk atsedenaldi asko hartzen ditut eta hala ere deigarria zait zein sarritan aldatu behar dudan hiztegia. “Marokoar” arabiarretik tamazightera eta hemendik aurrera hassaniera. Egia da ia edonon dakitela “quatorze dirham” esaten, baina nori ez dio poz handiagoa ematen bere hizkuntzan ulertzen diotenean, “arbatax” edo, zer esanik ez, “kkuz d mrau” (hamalau, arabieraz eta tamazighteraz).

Banoa ba, ishrin (hogei) dirhamen truke arrain platerkada polit bat jatera. Bismillah!

Honenak aspaldi egin zuen. Aurretik ez galdetzeagatik bikoitza kobratu zidaten, baina goxoa zegoen. Akhfnir.

Zuzen-zuzen

Agadirrerainoko azkenengo egunak oso kilometrotsuak izan ziren. Buruan muga bat sartzen denean, hankak tematu egiten dira eta ehun kilometrotik gorako etaparen bat ere egin nuen, lautadak lagunduta.

Paisaiak, aldakorrak. Basamortu peto-petoan argazkirik ateratzea alperrik zen, objektiboa handitasunean galduta. Azkenengo txanpa, berriz… Ba irudikatu Bilbo-Galdakao errepidea ehun kilometrotan zehar eta esan ea gelditzeak merezi ote duen.

Kamerak ezin duena, irudimenak egin beza. Jatetxe galdu bat 1000 metrotik gorako lautada amaigabearen erdian.

Agadir hiri handia izanik, normalean saihestu egingo nuen, baina baneuzkan bertan egiteko hiru gauza. Bi, posta bulegoan, eta, bestea, Espainiako kontsulatuan. Presaka zabiltzaten hurrengoan, begiratu egutegia, iritsitakoan memelo aurpegirik ez jarri behar izateko.

Polita, ezta? Garaiko arkitekto ospetsuren batek egina baina, asteburuetan, itxita. Eta kontsulatua, zer esanik ez.

Hiru gauza esan ditut, ohi bezela osasuna ahaztu dudalako. Agadirren ere osasun-turismoa egin nuen, aspalditik nekarren eta oraindik guztiz konpondu ez dudan arazotxo batengatik. Horren argazkirik ez duzu nahi. Konponbideak hasiera trumoitsua izan zuenez, lau egun eman nituen azkenean bertan.

Egia esan itsatsitako herri baten hartu nuen ostatu, Marokoko merkataritzagunerik handienetako baten ondo-ondoan. Lotsa ematen dit jende artean argazkirik ateratzeak, baina zinez edozer bururatu eta seguruenik bertan aurkituko duzu.

Fruituak, oiloak, komunak eta kamioiek etengabe ekartzen dituzten zakarretatik berreskuratutako trasteak, ehundaka pasabide tematiko osatuz.

Egindakoak eginda, azkenean sartu nintzen norabide (ia) bakarreko bidean. Hemendik aurrera itzuli nahi izanez gero, egindakoa desegin behar. Horrek eta itsasoak eman didate Senegalera pausuz pausu hurbiltzen noanaren irudikapen bizia.

Ez, ez da Okinawa, Agadirreko hondartza baizik. Atlantikoaren ongietorria Oporto inguruan elkar agurtu genuenetik.

Agadirretik beherakoa (mezu subliminala) kostaldetik egin ezinik, arrapaladan egin nuen barnealdeko tarte hori. Izan ere, atzotik ari naiz orduko gainesfortzu hori konpontzen.

Bidean, aspalditik ikusi gabeko berdetasuna. Taroudant eta Souss-Massa (argazkian) dira Maroko hegoalde osoa elikatzen duten baratzak.

Kostaldeko bidea, berriz, Euskal Herrikoa bezain hanka-apurtzailea. Xaxa ondo estutu eta pazientziarekin jo behar. Ahultasunak erraz konpontzen dira bertakoen eskuzabaltasunari esker. Errebueltaren ondoren kafetegirik ez badago, ezerezetik agertzen dira etxebizitza bat, gosari bat eta bertako kontakizunak. Eskerrik asko, Zlem Ahmed.

Orain lozorroan dagoen gune turistikoa, ala hilabete pare batez ametsetan bizi den kostalde umil eta lasaia?

Ur edangarria, errepidean zehar ugari omen dago (nik ez dut behar izan), baina paisaian ez da askorik igertzen. Ageri-agerian dagoena higiezinen merkatua da.

Paradisua lurrean, esku-eskura. Zeren zain zaude? Bertako askok arbasoengandik jasotako lurrak salduz eraiki dituzte euren etxebizitza apalak.

Garai honetan ez dago turismorik. Bizikletero zororen bat eta bikote frantziar edo alemaniar bat karabanan, han edo hemen.

Europar jubilatuek abentura motorizatuak atsegin dituzte oro har. Taznakht.

Hemen kostaldeko herrixketako argazki pare bat gehiago.

Aglou. Bertako kanpin hutsean prezio zoroa eskatu zidaten eta hotelean, oso jator, gehixeagoren truke primerako gela utzi zidaten. Orain arte bizpahiru hotel portatu dira bereziki ondo nirekin, bidai luzean aritzeagatik. Bestela erregateoan ibili behar, baina bidaiari bakartiarentzat bikoteentzat baino garestiago beti.
Ez nago ziur herri hau zein den. Sidi Ifnirako bidean.

Gaur, Sidi Ifnin atseden hartzen, etxeko arazotxoek estaltzen dute apur bat zerua, baina uste dut orokorrean ondo aukeratu dudala bidea eta datorrena datorren bezala hartzeko animoarekin nago.

Tio Felixi eskainitako argazkia, Sidi Ifnin egin baitzuen soldaduska. Animo, osaba!

Alboka ere berreskuratu dut aspaldiko partez, eta digitaziorako erabaki irmo bat hartu dut. Hurrengoan akaso azalduko dut hobeto, baina, orokorrean, edozein tonalitatetarako digitazio bera erabiltzea da, eskuineko hatzamar tontoa tonalitatearen oinarrizko notarentzako izanik. La dorikoa jo nahi dudan aldietan, saiatuko naiz hatzamar txikia erabiltzen.

Txapa teknikoaren ondoren, argazki lasaigarri bat, eta hurrenarte!