7 ordu

Osasun arazo deseroso batek ez dit utzi gau osoan lorik hartzen, eta ahul nago. Horregatik Sevillan ostatu hartu dut pare bat gautarako. Gehiago ere egingo banitu arazorik ez, Aljecirasera ez dudalako 23a baino lehenago iritsi nahi, bertan erosketa pare bat jasotzeko ferrya hartu baino lehen.

Extremaduratik Sevillarako etapan. Santiago bidea eta Eurovelo 1. Dorreen gaztelua.

Zergatik 7 orduena? Goizean goiz ostatu bila hasi naizelako, eta sartzeko ohiko ordua ordubiak izanik, nire burua irudikatu dudalako Sevillan zehar abesti haren aldaera bat kantatzen:

7 horas c***ndo por la ciudad, 7 horas, mi cuerpo no da na más, 7 horas c***ndo hasta del revés, 7 horas… Ikusiko dugu nola bukatzen dudan.

Agur Portugal eta kaixo Warmshowers

Errepidean ziklobidaiari gutxi aurkitu ditut hilabete ta pikuan. Orain espezie maitagarri honen beste ikuspegi bat ezagutu dut. Bi bikotek haien etxeak ireki dizkidate, atseden hartu, bapo jan eta esperientziak elkartrukatzeko. Bizikletaz bidaiatu ez duenari kosta egiten zaio sinestea, baina hala da.

Javi eta Desy, sarearen aztiak eta sekulako pertsonak. Ez daukat Lucile eta Alejandroren argazkirik, baina miresgarria da haiek ere Ferian daramaten lana. Besarkada handi bana!

Gehiagok horrela jokatuko bagenu ederki hobetuko litzateke mundua. Nik neuk argi daukat hurrengo bizileku finkoa ziklobidaiarientzat irekita egongo dela.

Gainerakoan, hanketan jadanik inolako arazorik gabe. Portugalen behera lursail guztiak itxita zeudela ikusita, ibilbidea laburtu eta Badajozetik Algeciraserantza jotzea erabaki nuen.

Portugaleko azkenengo kanpaldia primerakoa izan zen. Vila Fernandoko albufeira.

Huelva eta Cadiz utziko ditut ikusi gabe ta Badajozen behera hasi naiz Saharako beroetarako entrenatzen. Agian ez da erabakirik onena baina baten bat hartu behar.